Umezurtz

Nork: Larregi | 3 Api, 2008

Batzuetan albisteak muturrekoa ematen dizu eta mutu geratzen zara, hitzik gabe, zuri burua eta aurpegia. Ez duzu ulertu nahi, jan nahi, sinetsi nahi, baina gertatu da. "Joakin Zubeldia hil da goizean". Berriz irakurri eta oroitzapenekin batera lehen malkoa begietara.


Pixkanaka, irudi asko etorri zaizkit burura, baina batez ere tristura, neurri handi batean umezurtz geratu garelako asko eta asko Zumaian.

Lehen uste genuen mendian ibiltzen eta eskalatzen erakutsi zigula, baina gerora konturatu gara hori baino askoz ere gehiago egin zuela. Umemokoak ginela, mendira eraman gintuen eta aita izan zen guretzat; baina bidea ez ezik, giza balio ugari ere erakutsi zizkigun praktikan, gerora betetzen ahalegindu garenak: elkartasuna, eskuzabaltasuna, kaskagogorkeria, abertzaletasuna, umorea, adiskidetasuna... Aizkorrira asteburu pasa, Irauleko monolitoa eskalatzera; Santa Barbarara, "Tres" beldurgarri hura egitera; Amezketara, Saltarrira; Biaizpera, Caballe egitera; Pirinoetara; Gredosa; Alpeetara... Guztietan ere, bera gidari, bizikletan ibiltzen ez zekien gizona, ezetz esaten ez zekiena, kaskagogorra bezain maitagarria, eskuzabala bezain ona. Zumaian mendizaletasunik bada, neurri handi batean Joakini esker da; eskalatzen ikasi bagenuen eta oraindik jarraitzen badugu, Dieciochori esker da.

Atzotik, berria jakin nuenetik, oroitzapen eta irudi asko datozkit burura, baina ez bakarrik mendikoak: Joakin Itzurunen andariketan, Joakinekin Tirri-tarra ontzian, txibitan; Joakinekin perretxikotan... Joakin guri erakusten, gu Joakinekin ikasten. Eta konturatzen naiz bertute handiak bazeuzkala, horietako bat, nabarmena: bereari utzi gabe, norekin ari zen, moldatzen jakitea (umeekin ume, gazteekin gazte, helduekin heldu), guztiekin ondo moldatzen zen eta lagun asko zeuzkan, oso maitatua zen. Nolakoa zen, ba! Aparta zen adarra jotzen, bakoitzari adarra nondik jo edo ziria sartu asmatzen; adibidez, Pirinioetara joateko, lehen egun osoa behar genuen autobusez, eta eguerdian geldialdia egiten genuen Iruņean Jacarako autobusaren zain, eta Ciudadelan bazkaltzen genuen; han, beti bere fianbrera ateratzen zuen lehenengo, eskuzabal, baina gero aitortzen zigun motxila arintzeko egiten zuela; edo eskalatzen ari zinela, igual lur pixka bat eroriko zitzaizun buru gainera, eta gora begiratuta, han ikusiko zenuen Joakinen aurpegia, irribarrea ezin disimulaturik, haizea zebilela esanez... Guk Dieciocho deitzen genion, nahita eta nabarmen esajeratzen zuenean joera handia zeukalako zenbaki hori erabiltzeko, baina beste askok Sastre deitzen zioten, Sastre Desastre, Zumaiara etorri zenean lanbide hura zeukalako.

Gaur asko eta asko umezurtz sentitzen gara, triste eta burumakur; baina Joakinek, besteak beste, erakutsi zigun maite dugun hori buruan iraunarazten, eta Joakin Dieciocho gogoan dugun bitartean (mendian oinez, hormetan eskalatzen, itsasoan arrantzan, amesten dugun beste Euskal Herri hori lortu nahian...) bizirik egongo da gurekin. Maite zaitugu, Joakin.


0 erantzun and 0 Aipuak (Trackbacks) - "Umezurtz"

 

Artikel kommentieren













Utzi zure erantzunak!
HTML onartzen da.



authimage