Jendetza inguratu zen atzo Tolosako Usabal kiroldegira. Kanpoan giro hotza, eta barruan ere nahiko epela, areto handi hartan ez zelako antzoki batzuetako berotasunik lortu. Mendiluze oso sendo eta bizkor ikusi genuen, zortziko txikian eta puntuari erantzuten batez ere. Jon Maia nahiko erregular aritu zen, eta arazorik gabe eskuratu zuen Jonek hurrengo faserako txartela.
Ez da erraza izaten lehenbiziko saioan bete-betean asmatzea, baina atzoko saioan Jonek detaile polit batzuk erakutsi zizkigun. Zortziko handian heriotza kontuan hartzeko arrazoi politak bota zituen. Zortziko txikian parranderoa hartu nahi ez zuen txoferraren paperean kontrolpean izan zuen laguna eta bukaeran errematea eman zion: "17 euro da. konbersazioa". Tolosako babarrunari buruzko puntuei erantzun behar izan zien, eta bigarrenean justu antzean ibili zen. "Mozorroa" hitzari abestu behar izan zion hurrengo ariketan, eta bukaera indartsua bota zuen arren ("kendu dezagun mozorroa ta aurpegia eman dezagun"), bertsoa ez zuen erabat borobildu. Hamarreko txikian txukun aritu zen presoa bisitatzera zihoan senidearen ofizioan. Kartzelako gaia izan zen azkena, honela zioena: "Dagoeneko ez dakizu zer egin bera gustura egon dadin". Lasai aritu zen, habaneraren neurriko doinua hartuta (Xabier Silveirak Beberen abesti batetik moldatutakoa); Down sindromea duen alabari abestu zizkion 3 bertsoak hunkigarriak izan ziren, eta pare bat irristadatxok (pakea esan nahi zuenean parkea esateak eta alaba -ala bukaeradun errimarekin erabiltzeak) galarazi zioten saio puntuatuena izatea. Ariketa bakoitzeko puntuazioak ikusteko egin klik hemen.
Laburbilduz, Jonek ondo hasi du txapelketa, itxura ona emanda eta hobetzeko marjina baduela erakutsita. Finalaurreko fasean faborito izatearen ardurarik eta presiorik ez du izango, gainera, Mendiluze baitago orain denen ahotan. MAIAk Oiartzunen abestuko du, azaroaren 24an, Elorsoro Kiroldegian, 18.00etan, honako bertsolagunekin: AMAIA AGIRRE, MANTXI, IKER ZUBELDIA, XABIER SUKIA eta ARKAITZ OIARTZABAL.
Argazkiak, bertso hautatuak, foroak eta beste hainbat gauza daude txapelketako web gunean: www.gpuntua.com




