Bertsozaleak ez dira haserre izango aurtengo eskaintzarekin! Lehenbiziko ostiralean urteroko saioa Aita Marin, biharamunean (hilaren 29an) bazkalondoan Jokin Uranga eta Xabier Silveira arituko dira, eta repetizioetako ostiralean Zumaiako X. bertsolari txapelketa jokatuko da Algorri sagardotegian.
Hasteko, urtero bezala, santelmoak bertso-saio batekin hasiko dira Zumaian. Jon Maia gai-jartzaile eta aurkezle dutela, seikote dotorea arituko da Aita Mari zineman, hilaren 28an, gaueko 10:30ean: Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina. Sarrerak 8 € balio du eta aurrez erosteko aukera dago, Turismo bulegoan edo Inpernupe tabernan.
Bigarren ostiralerako txartelak ere dagoeneko salgai daude, 25 euroan, Trapaia tabernan eta Turismo bulegoan. Azken urteotako partaide berberak izango dira: Unai eta Jokin Gijarro anaiak, Josu Manzisidor, Maialen Velarde, Maddi Gallastegi, Joxe Joakin Aizpurua, Manex Elola eta Markel Peñalba. Aurkezle lanetan Jon Maia arituko da. Iaz jendea menuarekin oso gustora geratu zenez, antzekoa prestatu dute aurten ere: perretxiko eta ganben kaneloia, langostinoak, bakailaoa, karrillera, milorri-tarta eta kafea.





