Zibergela

10 Urr, 2007

Bateragarritasun-arazoak gainditu

Ofimatika, Trikimailua — Nork: Wali — 2007/10/10 09:22
Erabiltzaile gehienentzat ohikoa izan da orain artean Office formatuko (.doc, .xls, .ppt etab.) dokumentuak erabiltzea. Microsoft Office 2007 kaleratzearekin batera, ordea, Microsoft-ek aldatu egin du bere aplikazioek erabiltzen duten formatua, eta OpenXML izeneko formatua erabiltzen hasi da. Horren ondorioz, Office berria beste luzapen batzuk erabiltzen hasi da dokumentuak gordetzeko (.docx, .xlsx, .pptx, etab.), eta horrek bateragarritasun-arazoak sortu ditu Office bertsio zaharragoak dituzten erabiltzaileekin.

Europako Batasunaren presioak eragin dio Microsoft-i horrela jokatzera. Europako Batzordeak formatu ireki bat erabiltzea gomendatu zion Microsofti, programen arteko bateragarritasuna errazteko. Microsoftek hala egin du, baina bere formatu berria oso kritikatua izan da hainbat arrazoirengatik. Batetik, ordurako bazegoelako OpenOfficek erabiltzen duen ODF formatu estandarra, eta Microsoft-ek hori erabili beharrean bere estandar propioa sortzea erabaki zuelako, eta horrek berriz bateragarritasun-arazoak ekarri zituelako. Bestetik, OpenXML formatuak ez omen dituelako betetzen estandarizazio-irizpideak, eta horrek ere arazoak sortzen dituelako formatu horrekin lan egitean.

Erabiltzaileak dira, betiko moduan, merkatuko guda horretan galtzaile nagusiak, arazoak sortzen baitzaizkie dokumentuak trukatzeko orduan. Baina arazo horiek gainditzea ez da hain zaila.

Office erabiltzaileentzat

Office 2007k normal zabaldu eta gordetzen ditu bertsio zaharragoetan garatutako dokumentuak; alderantziz egitean sortzen dira arazoak. Baina badago modu bat Microsoft Office-ren bertsio zahar bat erabiliz (Office 2000, XP edo 2003) Microsoft-en OpenXML formatuko dokumentuekin lan egiteko. Horretarako, Microsoft-ek berak merkaturatu du Microsoft Office Compatibility Pack izeneko doako paketea. Hori instalatuz gero, OpenXML formatuko dokumentuak zabaldu, editatu eta gorde daitezke Office 2000, Office XP edo Office 2003 erabiliz. Pakete hori doan deskarga daiteke Microsoft-en web gunetik.

Esan bezala, OpenOffice paketeak ODF formatua erabiltzen du, ordea, eta hasiera batean Microsoft Office erabiliz ezin dira ODF dokumentuak zabaldu. Badago, ordea, OpenXML/ODF Converter izeneko doako plugin-a. Hori erabiliz gero, OpenOffice-ko dokumentuak zabaldu eta gorde daitezke Microsoft Office 2007, 2003 eta XP bertsioak erabiliz.

Azkenik, lan-tresna gisa Macintosh erabiltzen dutenek ere badute OpenXML dokumentuekin lan egiteko modua. Microsoft Office Open XML File Format Converter for Mac erabiliz, .docx formatuko fitxategiak .rtf (rich text format) formatuan gorde daitezke, eta, hala, arazoa gainditzen da.

OpenOffice erabiltzaileentzat

Erabiltzaileen artean gero eta zabalduago dago OpenOffice pakete librea. Microsoft Office-ren oso antzeko ezaugarriak dituen pakete hori doakoa da, eta euskaraz ere eskuragarri dago. Berez, orain arteko Office formatu guztiekin egiten du lan OpenOffice-k, baina, oraingoz, ez du OpenXML formatuarekin lan egiten. Hori gainditzeko, OpenXML Translator izeneko plugin-a instala daiteke. Hori instalatuta, OpenOffice erabiliz, OpenXML formatuko dokumentuak ireki, editatu eta gorde daitezke arazorik gabe.

Beste aukera batzuk

Microsoft Office eta OpenOffice ez dira, ordea, erabiltzen diren bulegotika-pakete bakarrak. Hor daude, esaterako, gero eta zabalduago dauden Google Docs moduko lineako bulegotika-zerbitzuak. Horrelakoek ere arazoak dituzte formatu horiekin. Badaude, ordea, arazo horiek gainditzen laguntzen duten Internet bidezko formatu bihurtzaileak. Ezagunenak Zamzar eta docx-converter izango dira seguru asko. Horiek erabiliz gero, ez dago Office edo OpenOffice erabili beharrik formatuen arteko bihurketa egiteko.

OpenXML formatuko dokumentuak jaso, eta horiek zabaldu eta irakurri baino egin nahi ez denean, badago azken aukera bat ere: Microsoft Viewer aplikazio-sorta. Internet bidez doan deskarga daitezken aplikazio horiek Office paketeko programa batzuentzat daude garatuak (Word, Excel eta PowerPoint). Viewer horiek erabiliz, aplikazio horietako dokumentuak zabaldu, ikusi eta inprimatu daitezke, Office instalatuta izan gabe.

Ikusten denez, gaindi daitezke aplikazio eta bertsio desberdinen arteko bateragarritasun-arazoak. Errazagoa litzateke formatuen benetako estandarizazioa ezarriko balitz, baina bitartean honela moldatu beharko dugu.


Erantzun


Gehitu erantzuna




authimage



Powered by pLog