|
Egilea Wali, Noiz: 2004-11-05 18:24, Atala : Euskara |  |
 |
 |
Badakit berri honek ez dagokiola zuzenean Zumaiari, baina webgune honetan informatika eta euskara nolabait ustartzen direnez, ordenagailua euskaraz erabili ahal izateko gidalerro batzuk proposatu nahi dizkizuet.
Askotan ez dugu jakiten, baina gaur egun posible da ordenagailuan ia
guztiz euskaraz aritzea. Macintosh-eko kasuan izan ezik (Apple-ek
jarritako muga batzuen ondorioz), aukera asko daude. Hona hemen batzuk:
- Sistema eragilea: Windows. Windows erabiltzen baduzue,
jakin Windows 95, Windows 98 eta WindowsXP euskaraz daudela. Lehen biak
Uzei-k itzuli zituen eta azkena Elhuyar Fundazioa eta Uzei-ren artean
itzuli dute. Doan eskuratu dezakezue hemendik. Baldintza bakarra da lehendik zuen ordenagailuan gaztelaniazko WindowsXP SP1 jarrita izatea.
- Sistema eragilea: Linux. Linux erabiltzaileentzat Mandrake
banaketaren hainbat bertsio daude euskaraz. Hauek ere Uzei eta
Elhuyarrek itzuliak. Oraintxe atera da 10. bertsioa, gainera. Hemendik jaitsi
dezakezue doan, edo bestela CDa eskatu Eusko Jaurlaritzan 3 euroren
truke. Orain beste banaketa bat ari dira itzultzen, Debian, eta
datorren urterako egongo da erabilgarri.
- Bulego aplikazioak. Hauek ere euskaraz dituzue. Microsoft
Office 2000 euskaraz saldu zen Elhuyarrek egindako itzulpenari esker,
eta orain Microsoft Office 2003 dago euskaraz. Kasu honetan ere doan jaitsi
daiteke Internetetik, baina aurretik gaztelaniazko bertsioa izan behar
da instalatuta. Software librea nahiago baduzue, OpenOffice doako
alternatiba bikaina da. Windows eta Linuxerako bertsioak dituzue
aukeran. Biak ere hemendik jaitsi ditzakezue.
- Interneteko nabigatzailea. Internet Explorer euskaraz
jartzen zaigu automatikoki Windows euskaraz jartzean. Baina alternatiba
libre gero eta erabiliagoa den Mozilla ere euskaraz lortu dezakezue hemen.
- Zuzentzaile ortografikoa. Nork ez du Xuxen ezagutzen?
Word-en edo OpenOffice-n euskaraz idazten ari zarenean hain lagungarri
den zuzentzailea? Ba jakin Windows, Linux eta Macintosh-erako bertsioak
daudela. Guztiak hemendik jaisteko moduan.
- Hiztegiak. Ez naiz Interneteko hiztegietaz ari, baizik
Word-en integratzen zaigun hiztegitxoa. Ez da oso tresna ezaguna baina
oso erabilgarria da: Elhuyar euskara/gaztelania hiztegiaren plug-ina.
Tresna hau Word-en integratzen da eta hitzen itzulpenak proposatzen
dizkigu. Hemen daukazue eskura.
- OCRa. Testuak eskaneatzeko sistema da OCRa. Horretarako
software ezagunena OmniPage da baina euskararako ez da oso
erabilgarria. Hori konpontzeko plug-in bat ere garatuta dago. Hemendik eskura daiteke doan. Plug-inaren beharra hobeto ulertzeko artikulu hau irakurri dezakezue.
Beno, horiek pista batzuk dira. Espero det erabilgarri izango zaizuela.
Gauza gehiago badaude, beraz, kontuan izan ordenagailua euskaraz
erabiltzeko aukera ugari daudela.
Iruzkinak (1)
|
|