Hamaika argi gure euskarari

Hizketa garbia

Imanol Azkue Ibarbia 2022ko abe. 1a, 11:00

Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

Duela bi mende, 1800 aldera, Zumaiako portua eta errioaren ingurua oso desberdina zen, edo ez, behintzat, gaur ikusten duguna bezalakoa: ez zegoen barrarik, ezta pasarela-rik ere Santiago aldean; ez zegoen Paolalderik, ezta Moilaberririk ere; Arbustainen uhartetxo bat zegoen eta Amaiako plaza urak hartzen zuen; gaur egun, Moila ikusten dugu harriz sendotutako espazio lau eta zabal bezala, baina azpiegitura horiek guztiak nahikoa berriak dira, XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak, portua interes orokorreko izendatu ondoren eraikiak. Beraz, 1800ean, imajina ditzagun itsasontziak eta txalupak moilan, baina horiek lotzeko lekuak ez ziren orain bezalakoak.

2022ko azaroko Baleiken argitaratutako edukia.

1774an gaude. Gertrudis eta Jesusa Mugertegi ahizpek denda daukate Zumaiako herrigunean. Donostian zaku bat gatz erosi dute, eta Zumaiarako itsasontzi batean sartu dute ekartzeko, baina, itxura denez, inork ez dio ezer esan ontziburuari, Agustin Albizuri. Bi ahizpak moilara jaitsi dira elkarrekin, Albizuren txalupara, gatzaren bila. Hurbildu, eta galdetu diete itsasontziko marinelei non den gatza; haiek erantzun ez daukatela gatzaren berririk; bi ahizpak begira eta begira, hara non ikusten duten ordurako deskargatuta daukatela zakua, eta, gainera, zikinduta dagoela balea koipearekin. Haserre, bi ahizpak irainka hasi dira eta eztabaida bizia izan dute marinelekin, zeinen ardura den. Marinelak, ordea, ez dira isilik egotekoak, eta hitzetik hortzera erantzun diete. Azkenean, ahizpek salaketa jarri eta epaiketan amaituko dute. Joaquin Urbieta da marineletako bat, eta hara zer esan omen zien ontziko lagunei, lekuko baten arabera:

"Ofendido del alboroto sin fundamento de las acusadas prorrumpió en la expresion de decir asus compañeros llebado deinprudencia bamonos deaqui para que estas lotzagabe desbergunzatuac nonos obliguen a hacer un desatino que sin duda como tienen de costumbre han benido aello"1. 

Gaztelaniazko deklarazioan euskarazko hitzak daude jasota, irainak hitzez hitz, baina ez dakigu seguru nola esan zuen gainerakoa, euskaraz edo gaztelaniaz. Hona hemen zer deklaratu zuen beste lekuko batek, Joaquin Galdonak:

"Sobre cuio asunto empezaron a disputar con el dicho Agustin de Albizu; que entonces dijo Joaquin de Urbieta vezino de esta dicha villa, y uno de los de la tripulacion de dicha chalupa lo que sigue en Bascuence, goacen emendic lotsagave desvergonzatuoc eraguin ez deguiguen bear ez dan gauzarembat, a que respondieron ellas que mas desvergonzado era el"2.

Garbi ikusten da Joaquinek euskaraz esan zituela esatekoak, eta idazkariak itzuli egin zituela haren hitzak. Beste lekuko batzuen hitzetan, gaztelania hutsean daude jasota esandakoak, adibidez, honela: "Objetando amis partes que no eran otra cosa sino desvergonzadas y de verguenza perdida".3

Epaiketako paperetan, badirudi gaztelaniaz hitz egiten dutela lekukoek, eskribauak hala idatzi zituelako, baina ba al da dudarik Joakin Urbieta, Javiera Mugertegi eta Gertrudis Mugertegi euskaraz ari zirela elkarri irainka?

Urte batzuk geroago, 1802an, Zarauzko lantxa batek antxoak eta sardinak ekarri zituen Zumaiako portura, eta askok erosi egin zituzten bisigutarako, karnatarako. Arraina txalupatik lehorreratzen eta etxerako karreatzen ari zirela, etorri da Manuela Mugerza eta esan du otarre bat berea dela; heldu dio otarreari, eramateko asmotan, baina Maria Concepcion Odriozolak geldiarazi egin du eta esan dio ezetz, uzteko zegoen lekuan; hasi dira eztabaidan eta otarreari tiraka, hau nirea da eta ez da, eta erori da Manuela uretara. Minduta, Manuelaren senarrak, Jose Vicente Zulaikak, salaketa jarri zuen Maria Concepcionen aurka, irainengatik. Epaiketan, lekukoek behin eta berriz kontatuko dute ikusitakoa; batek dio deklarazioan "que estava en punto de darla un bofetón en la cara"4, eta beste batenean, hauxe ageri da: "Y entre otras cosas la dijo dicha acusada ala referida Manuela, que estava en punto de sacudirla un zaplazo en la cara y dicho esto la reempujo a la dicha Manuela muger del presente con dicha cesta que tenía a su lado, y la hizo meter en la Agua"5. Gaztelaniaz idatzita dago lekukoen deklarazioa, horiek ere gaztelaniaz ariko balira bezala, baina erraz imajina dezakegu Maria Concepcion, zaplaztekoa emango diola euskaraz esaten.

Moilatik ez gara urrutira joango, Zubiaurrera, San Telmo kalera baino ez, eta irain kontuekin jarraituko dugu. 1881ean, Juana Galdona alargunak epaiketara eraman zituen bi koinata (senarraren arrebak), irainak zirela eta: "Pide en su vista que se corrijan esas bocas desenfrenadas que han soltado la palabra de sangre vendida"6. Itxuraz, senarra hil ondoren, alargunak ez zien uzten koinatei umea ukitzen, eta horregatik sortu zen liskarra:

"La Juana Galdona afirmándose en la demanda dijo que el día nueve del actual a su paso por la calle de San Telmo no tan solo le habían proferido la palabra que espresa en la demanda sino que también María Francisca la dijo que era una pícara cochina desvergonzada. La demandante [sic.] María Francisca contestó que tan solo la dijo que era una desvergonzada y su hermana Josefa Ignacia espuso: que es cierto le profirió o le dirijió a su cuñada la palabra Odol-salsallia. La demandante replicó que es cierto lo que expone. Las demandadas contrareplicaron insistiéndose también en lo manifestado. El padre de María Francisca y Josefa Antonia dijo, que la palabra que su hija la dirijió a la Juana de Odol-salsallia era debido porque a su nieto y sobrino de sus hijas no les permite acariciar como tampoco a él ni a su esposa, como abuelos. A esto la demandante dijo: que no es exacto que ella se haya opuesto nunca a que a su hijo lo acaricien y que sobre las palabras que le dirijió también la Maria Francisca ofrece testificar al efecto por medio de los testigos Ana Josefa Egaña y Antonio Aizpurua de esta vecindad, y creyéndola pertinente quedó admitida la prueba ofrecida"7. 

Lekukoek ere baieztatu zituzten irainak: "Que en efecto le consta por haber visto que la Josefa Ignacia dirijiéndose a la Galdona la dijo odol-salsallia, y que la María Francisca también a la Galdona le dijo: odol-salsallia, pícara, cochina, veltzá"8 eta "que tanto la María Francisca como Josefa Ignacia Egaña la dijeron a la Juana Galdona odol-salsallia y la María Francisca también la dijo siquiñá"9. Epailearen sententzian hau ageri da: "(…) Considerando que las palabras Odol-salsallia y siquiña en los Vascongados se consideran injuriosos"10. Itxuraz, eskribauak ez zuen aurkitu odol-saltzaile hitzaren gaztelaniazko ordain egokirik (hasieran erabilitako sangre vendida-rekin gustura geratu ez, nonbait), eta bere horretan jaso zuen, baita beltza eta zikina ere.

Horra hor biraorikan ez duen hizketa garbia, Moila inguruetan…