Piraguismoko Euskadiko bi txapelketa jokatuko dira asteburuan Zumaian

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 3a, 13:05

Larunbat arratsaldean Euskadiko itsas kayak txapelketa jokatuko da, eta maratoikoa igande goizean.

Euskadiko piraguismoaren hiriburu izango da Zumaia asteburu honetan. Izan ere, Euskadiko bi txapelketa jokatuko dira herrian datozen bi egunotan, itsas kayakekoa eta maratoi modalitatekoa, hain zuzen.

Bihar arratsaldez Euskadiko itsas kayak txapelketa jokatuko dute. 60 bat parte hartzaile espero dituzte Itxas Gain kirol elkarteko antolatzaileek. Azaldu dutenez, Euskal Herriko kirolariez gain, Kantabria eta Asturiasetik (Espainia) etorritakoak ere izango dira herrian. Parte hartzaileak 16:00etan abiatuko dira Talaipe paretik.

Txapelketa downwind modalitatean jokatuko dute, haizea eta olatuak alde dituztela, eta bi ibilbide posible aztertu dituzte: Mutriku-Zumaia batetik, eta Orio-Zumaia bestetik. Larunbaterako hego haizea dago iragarrita eta azken urteetako ibilbide bera errepikatzea erabaki dute: Zumaiatik abiatu, Sakoneta parean buelta eman, eta Zumaian amaitu.

Igandean maratoia

Atsedenerako denborarik gabe, igandean maratoi modalitateko Euskadiko txapelketa hartuko du Zumaiak. Bertan arituko diren piraguistek 18 kilometroko distantzia bete beharko dute. Trenzubi azpitik pasatzeko debekua mantentzen denez, antolatzaileek zirkuitu bat egokitu dute trenzubia eta kirol portuko sarreraren artean. Maratoiko modalitatean porteoak edo eramateak egiten dira, eta porteo horiek itsas kiroldegiko arrapala eta pantalanaren artean egingo dituzte.

Kasu honetan, Euskal Herritik eta Gaztela eta Leonetik (Espainia) etorritako ehun piraguista inguru gerturatuko direla azaldu du Itxas Gainek. Irteera eguerdiko 12:30ean emango zaio itsas kiroldegi paretik.