Maite Aizpuruaren eta Garazi Navasen proiektuak irabazi du Eusko Ikaskuntzaren gazte saria

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 7a, 16:00

Ezkerretik, Maite Aizpurua eta Garazi Navas. (Eusko Ikaskuntza)

Datorren urtean agertokietara eraman nahi duten Adarbakarra eta soinujolea ikuskizunarekin jaso du bikoteak sari hau.

Eusko Ikaskuntzak ematen duen gazte saria irabazi dute Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek Adarbakarra eta soinujolea izeneko ikuskizunarekin. Datorren urteko udaberrian estreinatzeko asmoa duten proiektu honek 6.000 euroko laguntza jasoko du.

elkargune zientifiko-kulturalak ohar batean iragarri duenez, Aizpuruak (Zumaia, 1990) eta Navasek (Usansolo, Bizkaia, 1995) "euskal kulturaren irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzea" proposatzen dute proiektu honekin, "ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta", performance baten bidez. Musika, literatura eta antzerkia uztartuko dituzte beren sorkarian, "umorea eta poesia baliatuz, eta diziplina arteko tresnak erabiliz".

Aizpurua eta Navas protagonista izan ziren pasa den astean ere, Hamarreko bitxia liburua aurkeztu zutelako Udal liburutegiko ganbaran egin zen irakurketa musikatu batean.