Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatu dute herritarrek

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 8a, 09:00

Argazkia: Juan Luis Romatet.

Hilketa matxista salatu, eta indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa feministaz erantzuteko deia egin zuten atzoko protestan.

Donibane Lohizunen (Lapurdi) gertatutako hilketa matxista salatzera atera dira Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan, tartean, Zumaian. Mugimendu Feministak deituta, Saregile plazan elkartu ziren atzo zenbait herritar, indarkeria matxistaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzeko. 

Izan ere, joan den ostiralean hilda aurkitu zuten 33 urteko emakume bat, eta hilketa matxistaren hipotesia da nagusi. Emakumea zendu bezain pronto atxilotu zuten haren bikotekidea, eta hala izango dute epaiketara bitarte, Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez. Apirilaren erdialdean ere atxilotu zuten gizona, emakumea eraikin batetik jausi ondoren.